Iturria: Hitza
Adin guztietako herritarrek parte hartu dute gaur [azaroak 1] goizeko lasterketetan. Lehenengo txikiek egin dute korrika, eta gero, nagusiek. David Rua eta Izaro Aranburu izan dira lehenengoak nagusien herri krosean.
Kirol giroa izan da nagusi gaur [azaroak 1] goizean Lekeition. Ehunka korrikalari batu dira portuan eta herriko kaleetan zehar egin den Lekitto Bixirik herri krosean parte hartzeko. Ia 400 korrikalarik parte hartu dute gaur Amandarri Triatloi Taldeak antolatutako kirol ekitaldian, 200 korrikalarik ume eta gaztetxoen probetan eta beste 194k nagusien herri krosean. Txalo eta animorik ez dute falta izan.
Urtero modura, txikienak izan dira lehenengoak aringa-aringan egiten. Abadeen moilan egin dute aringa-aringa Haur Hezkuntzako 3. mailatik 5.mailara bitarteko korrikalari txikiek. Batzuek bakarrik eta beste batzuek gurasoek lagunduta egin dituzte 200 metroak.
Abadeen moila ondotik irten dira ondoren, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara arteko gaztetxoak. Horiek portuan egin dute aringa aringa 500 metro. Ziztu bizian irten dira porturantz eta San Pedroren irudiaren inguruan buelta emanda amaitu dute lasterketa plazan. Portuan egin dute aringa-aringa baita Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6.mailara bitartekoek ere. Horrek, baina, Talaraino joan behar izan dira eta bueltan plazarako bidea hartu dute helmugara heltzeko, guztira kilometro bat.
Eta ostean, beroketak egiteko tartea hartu ondoren hasi da nagusien herri krosa. 194 korrikalarik amaitu dute lasterketa, 57 emakumek eta 137 gizonek. Txikien lasterketetan ez bezala, azken lasterketak sailkapena ere eduki du. Gizonezkoetan Elorrioko David Rua Sanchez izan da lehenengoa helmuga azpitik igarotzen (17 minutu eta 32 segundo egin ditu). Emakumezkoetan, ostera, Izaro Aranburu Rementeria aulestiarra izan da bizkorrena (23 minutu eta 22 segundo egin ditu).
Nagusien kroseko lehenengo korrikalari biek txapela eta Errigorako saskia eraman dituzte. Horrez gain, antolatzaileek zozketa bat ere egin dute parte hartzaileen artean. Umeen lasterketetako partaide guztientzat egon da domina.